2014(e)ko abenduaren 6(a), larunbata

6.astea, azkenetarikoa

Internetaren arriskuez eta segurtasunaz aritu dira aste honetan bi taldeak, hau da, bi aurkezpenek elkarren arteko erlazioa zeukaten. Gainera, gure egunerokotasunean askotan entzuten ditugun bi gai dira, baina asko al dakigu horretaz? Behar beste? Bi aurkezpenei esker orain aurretik nekienari ezagutzak gehitu dizkiot, bai edukiagatik eta bai aurkezteko erabilitako metodologiagatik.
Esan bezala, aste honetako saio teorikoan, lehen taldea, interneten arriskuez mintzatu zen, haren arriskuak azaldu zizkiguten, eta eskolak horren aurrean egin beharrekoa ere aipatu zuten. Jarraian datorren eskeman ikus daiteke hauek esandakoa laburbilduta:


Blogaren erabiltzailearena
Honez gain, interneten garrantzia ere aipatu zuten, bizitza modernoaren funtsezko zatia dela esanez, eta eskolan internetaren helburuak hauek direla aipatuz: maila igotzea, arrakasta sustatzea, langileen lanari laguntza eskaintzea, informazio kudeaketa eta ikastetxeen administrazioa hobetzea. 

Interneten segurtasuna izateari dagokionez, IEPak aipatu zituzten lehendabizi. Eta jarraian, interneteko edukiak ebaluatzeko ikasteko estrategiak, posta elektronikoaren erabilera, web orrien erabilera (lau printzipio), berriketa gelak edo foroak, eskoletan hartzen diren neurriak, ... azaldu zituzten. 

Azken finean, egunero entzuten ditugun gauzak azaldu zituzten, baina jaramonik ez diegu egiten. Izan ere, ez ditugu behar bezalako neurriak hartzen interneten gabiltzanean. Horregatik garrantzitsua ikusten dut, txikitatik eskoletan arriskuak azaltzea, neurriak hartzen irakastea ... hau da, kontrol pixka bat izatea, izan ere, hezkuntzaren barruan sartzen dira gaur egun teknologia berriak, gure gizartearen parte baitira, eta eskolaren helburua horixe da, gizartearen parte izango diren gizabanakoak sortzea, beharrezko gaitasunak garatuz. Eta nik eskolak aipatu ditut, baina etxeetan ere beharrezkoa litzateke kontrol pixkabat, ez baita eskolaren lana bakarrik gizartean bizitzen irakastea. 

Seigarren aste honetako saio praktikoak erabat erabilgarriak eta baliagarriak iruditu zaizkit, batez ere, irakasle lanerako garrantzitsuak diren hainbat programa - guztiak online - erakutsi zizkigulako irakasleak. Honekin batera, zenbait kontzeptu garrantzitsu azaldu zizkigun. Honez gain, saio praktikoei hasiera emateko, modulu lana aurrera eraman ahal izateko zenbait datu eman zizkigun taula batean laburbilduta, esate baterako, erabili ditzakegun programen izenak, formatuak ... Ah! eta ahaztu gabe, duela 51 urte beraien karrera amaitu zuten irakasle eskolako ikasle ohiak etorri ziren bisitan.
Blogaren erabiltzailearena

Aurretik aipatu dudan bezala, hainbat programa ezberdin ezagutu ditugu aste honetan. Hasteko, eskola 2.0 -ren orrialdean sartu ginen, eta irakasleek bertan jarritako ariketak begiratu genituen. Ondoren, Jclic , eskoletan asko ikusten den baliabidea,  nola erabiltzen den azaldu zigun eta pixka bat arakatzeko aukera eman zigun. Jarraian, educaplay , jolasten ikasteko eta ariketak sortzeko programa, erabiltzeko harpidetu ginen eta bi ariketa sortu genituen. Azken honek, aipatu dudan bezala, bi erabilera desberdin ditu, beraz, hauek kontuan hartuz, aproposa ikusten dut bai irakasle eta bai ikasleentzat. Gehiago zehaztuz, zaila ikusten dut ikasleek ariketak sortzea, baina egokia iruditzen zait haiek ariketa hauek erabiltzea irakasgaiak lantzeko.


Pixton eta goanimate komikiak sortzeko programak dira. Guk lehenengoan eman genuen izena komiki bat sortzeko, eta denbora nahiko behar izan genuen bat sortzeko, izan ere, erabiltzeko ez da oso erraza. Nik praktikak egin nituen ikastetxean komiki tailerra zeukaten, eta hauek eskuz sortzen zituzten pausu batzuk jarraituz. Orain, hau ikusita, desberdintasun ikaragarria ikusten dut, izan ere, ordenagailu bidez, irudiak badaude jada, eta arinago egiten dira gauzak, hala ere, mugak ditu eta txantiloi zehatz batzuk jarraitu behar dira. Baliteke eskolan erabiltzeko trensa interesgarria izatea, baina niri pertsonalki gehiago gustatzen zait betiko metodoa, hots, eskuz egitearena, emaitzak politagoak izaten baitira. Nik ordenagailuz eginda honako emaitza lortu nuen:

Esan bezala, zenbait kontzeptu garrantzitsu azaldu zizkigun:
  • PLE: Personal Learning Enviroment. Norberak duen ingurunea, hau da, norberak nondik auto ikasten duen, norberaren irakaskuntza gunea da.
  • LMS: Learning Mnagement System. Egela bezalako plataformak.
  •  MOOC: Massive Online Open Course – modu masiboan egiten diren ikastaroak. Esate baterako, openware.
Hau hobeto ulertzeko, bideo bat jarri zigun irakasleak, non ikasleak eta irakasleak rolak aldatzen dituzten. 
Honekin batera, azaldu zigun gai izan behar garela gogoratzeko, ulertzeko, aplikatzeko, analizatzeko, ebaluatzeko eta sortzeko. Izan ere, gaitasun hauek bi mailatan sailkatzen direla kontuan hartuz, behe mailakoak (gogoratu, ulertu eta aplikatu) eta goi mailakoak (analizatu, ebaluatu eta sortu), ez da nahikoa maila batekoak bakarrik lortzea, gorago jo behar dugu eta guztiak bereganatu. Honi lotuta, eta klaseari amaiera emateko, PLE aztertu genuen sakonago, adibideak ikusi genituen, eta mindomo erabiliz, bat egiten hasi ginen.

Beraz, saio praktikoei dagokionez, oso aberasgarriak izan dira nire ustez, ziur nagoelako irakasle naizenean antzeko baliabideak erabiltzeko aukera izango dudala, behintzat, ezagutza minimo bat izango dut hauen erabilpenaren inguruan. Uste dut, oso erakargarriak direla honelako programak haurrentzat, eta motibatuago agertzen direla ikasteko orduan.  

IKT irakasgaiari dagokionez, oso aste entretenigarri, aberats eta ona izan da. Ia ez da klaserik geratzen, beraz ... Aprobetxatzera!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina